XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Zer bidetatik? - esan zuen amonak - .

Heanortik joan behar duzue nahitaez.

Talde guztia zegoen, Bobek adierazten zuen bezala, indiolar beteak bezala, nor bere aulkian egonezinez eserita.

Izeba Cissie sartu zen, eta ondoren neskamea tearekin.

Erositako cake pusketa eternoa eta betiraunekoa zegoen.

Platerkada gailetatxo egin berri azaldu zen gero.

Egia esan, izeba Cissiek okinarenetik ekarrarazi zituen.

- Tea, Mater!

Andre zaharrak aulkiaren besoei heldu zien.

Denak altxatu eta zutik geratu ziren, hura poliki-poliki eta astun, izeba Cissieren besotik, mahaira bere lekura joan zen bitartean.

Tea hartzen ari zirela Lucille etorri zen hiritik, lanetik.

Leher eginda zetorren, betondoak bezturik zituela.

Oihu bat jaulki zuen, jende guztia ikustean.

Zarata baretu eta berriro ezerosotasuna itzuli zen orduko, amonak esan zuen:

- Ez didazu inoiz Wetherell jauna aipatu, ezta, Lucille?

- Ez naiz gogoratzen - esan zuen Lucillek.

- Ez zenidan aipatuko.

Izena ezezaguna zait.

Yvettek oharkabean bezala beste gaileta bat hartu zuen, orain ia husturik zegoen plateretik.

Izeba Cissiek, Yvetteren portaera lauso eta begiramenik gabekoak onetatik aterata, haserrealdi beltz hura batzen sentitu zuen bihotzean.

Hartu zuen bere platera, bere buruari opa zion gaileta bakarra zuena, eta bitrioloz beteriko gizabidez esan zuen, Yvetteri eskaintzen ziola:

- Ez al duzu nirea ere nahi?

- A, eskerrik asko! - esan zuen Yvettek, bere lausotasun muzinarekin oldartuz.

Eta axolagabekeria bera erakutsiz, hartu egin zuen izeba Cissieren gaileta ere, eta eraskin gisa esan zuen:

- Zuk nahi ez baduzu...

Bi gaileta zeuzkan orain platerean.

Lucille hildakoa baino zurbilago zegoen, bere tearen gainera makurtuta.

Izeba Cissie ezineramanaren pozoiak ubeldurik zegoen.

Ezerosotasuna agonia bat zen.